Natxituko Berbak eta esakuneak

Iazko udabarria ezbardina izan zan; pasa dan negu amaiereak atzie ekarriban. Koko ziztrin batek hankaz gora jarri eta nasta-nasta egin ebazan gure errutinak eta ohiturak!

Eta orduantxe hasi ginan Judith, Arritxu eta Natxi, Natxituko abadetxearen ondoan harrizko jarlekuan, Maddik (ORASKA) aldi haretan ekarten ebazan ogi, esne, esneki eta txarrikieri itxaroten gengozala; “Natxituko berria” pilpilean ipini genduan natxituarrok: historia, bertsoak, errezetak, kontzertuak, makineria erabiltzeko aholkuak, berbak… Bakotxak geure ekarpentxuak eginaz eta «zeaitxik estogu herriko berben listie eitxen»?

Hiruron arteko watxap taldea zabaldu eta metapalu bueltan sardakadak botatiri ekintzagun; zerrendea kargetan hasi ginan. Berbak eta esamoldeak be bai. Txiritxiri, geure ustez aspalditik erabilten ziranak, darabilguzanak edo erabilten genduazanak hemengo bizitza korrientean eta bertokotuak. Udagoienera arte, holan.

Zertarako edo zergaitik? «Geroak esan dagian herri bat izan zan»? Horretarako edo horregaitik be bai, baina batez be gaztetxueri zuzentzen deutsague emoitza hau, iturri zaharretatik edanaz gaurkotasunera ekarri dagien aspaldikotasuna. Eurek ikusiko dabe zelan landu, moldatu edo erabili altxor hau.

Mordotxua zala eta ganontzeko herritarrori bistaratzea erabagi genduan, urriaren hasikeran. Eskertzen doguzan beste herritar batzuen ekarpenak be aintzat hartuta, liburu itxureagaz alde batetik, natxitua.eus webgunean bestetik, eskuartean daukazuena NATXITUKO JAI BATZORDEAren eta GURUTZEGANE KULTUR TALDEAren dirulaguntzari estimau behar deutsaguz, eureri esker finantzau dalako osoosorik 150 ale doan banatzea.

Herri maitaletzat daukaguz geure buruak, edo beste modu batera esanda, ez gara holakoetan (BERBATEGI edo HIZTEGIgintzan) adituak eta horrexegaitik egin deutsaguez itaunak aditueri; zaletasunetik, herrigintzatik (ustez), maitasunetik, umoretik, gozamenetik jarri dogu gehiago, edo batez be. Eskerrik asko Juan Luis Goikoetxea, Luis Baraiazarra edo Iñaki Gaminde, Igone Etxebarria aditueri euren animo, aholku eta laguntzagaitik.

Aurkezterakoan, Txaber Larreategi Aranburu hartu dogu laguntzat, diseinu txukun batez plazaratu behar genduala eta. Aurrera begira —ze honek atzie ekarriko dau te—, zabalik ixten dogu gure ekimen hau; zuzentzeko eta hobetzeko, hain zuzen be. Sabin Beaskoetxea Hormaetxeak egingo dauz ezinbestekotzat jo doguzan eiñbierreko kontutxu bi: natxitua.eus webgunean eskegitea lehenengotan; eta gero, gordeteari eta zaintzeari jagokozanak.

BERBATEGIA bera zabalik geratzen da, liburuki baten mugatu badogu be. Liburuki edo orri moltzo hau, NAIXTU, NATXITXU edo NATXITUri eta NATXITUtik euskereari egindako ekarpen garaune dozue. Hainbeste esateko modu geratu da, geratuko zan jaso barik. Atea, ertzerei ez; zabalzabalik geratzen da.

Edukiari jagokonez, alfabetikoki zerrendatu doguz berba eta esamoldeok eta hiru zutabetan planta doguz.

Lehenengoan, ahoskereari eintzagu kasu; hau da, berbetan gagozenean esaten dogun lez idatzi dogu. Horrek makinatxu bat buruhauste eta erabagi-behar sortarazo deusku, eta erabagiak hartu beharrak arriskuak asumitzea be bai! Esan gura dogu: kontrako eretxiak egongo dira, labankadaren batzuk topau zeinkiez eta aldatzekoak be bai; dabilenari pasetan ei jako eta abertiduta geratzen da.

Zelan transkribau S/Z, noiz TS/TZ, noiz Ñ,IN,LL,ILL,J,DJ…? Eginki- zun nekeza! (Aurreratxuago ikusiko dozuez honen ganeko azalpen gehiago).

Bigarren zutabera, adiera ekarri dogu, sinonimoen bitartez edo azalpen bitartez. Bizkaieraz. Batzuetan, argigarri izango dalakoan, adibideak be ipini doguz, ahoskerea aintzat hartuta.

Hirugarren lerroan edo zutabean, azkenik, jatorrizko berbea edo esalmoldea euskara batuan zelan idazten dan ipini dogu. Tarteka, zutabe hau hutsik dago. Horrek zera esan gura dau: ez dogula batuan parekorik topau!

Goragokoa dakargu amaieraren aurretik: gustura ibili gara, gozatu egin dogu! Zuen txandea da orain herrikideok, natxituarrok.

-Naixtu, Natxitxu ez daitela izan inorentzat atzerria-

dino kantuak.

Elige del menú superior